XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hinduen gramatikak, hizkuntz formak aztertzen irakatsi zien europarrei; osagai atalak erkatzean, ordura arte erdi estaldurik zetzaten antzekotasunak ziurtasun eta zehaztasunez adieraz zitezkeen.

Hizkuntz harremanei buruzko uste nahasi zaharkituek bizirik iraun zuten, Europako hizkuntzak sanskritotik jaioak zirelako ustean, baina denbora laburrean usteok baztertu egin ziren, begi bistakoa zen azalpen zuzenaren alde, hots, sanskritoa, latina, grekera, eta abar, historiaurreko hizkuntza baten ondorengo aldaera gero eta bereziagoak zirela.

Antza denez, azalpen hau Sir William Jones-ek (1746-1794) adierazi zuen lehen aldiz, Europako lehenengo sanskrito jakintsu nagusiak, 1786. urtean emandako hitzaldi batean: sanskritoak grekera eta latinarekin duen antzekotasun handia ezin zitokeela halabeharrak sortua izan eta, aitzitik, adierazi zuenez, hirurok agian jada existitzen ez den iturburu komun bakar batetik isuri direla eta gotikoak (hau da, germanikoa) eta keltak ere, sorgune berbera izan zutela.

Hizkuntza hauen arteko erkaketa lantzeko, beharrezkoak ziren, noski, bakoitzari buruzko deskribapen datuak.

Erkapenaren egitasmoak, alabaina, antzinako hizkera ereduez, tribuen migrazioez eta herrien eta ohituren sorburuez erakutsi zuen guztia hain miresgarria izan zen, ez ziola inork gainerako hizkuntzak sanskritoaren ereduan aztertzeko lan gaitzari ekin.

Europako jakintsuek latina eta grekera sakonki ezagutzen zituzten; gehienek hizkuntza germanikoren bat zeukaten ama hizkeratzat.

Sanskritoaren gramatiketako adierazpen zehatz baten aurrean, edota arretaz aztertutako hiztegi ale baten aurrean, ezagunago zitzaizkien hizkuntzaren batetako antzeko ezaugarriren bat gogora zezaketen sarri.

Halere, hau ez zen behin-behineko bidea jorratzea baino; gehienetan, erkatzaileak datuak eurak erabakitzeko ere, aldez aurretiko ikerketetan ihardun behar zuen eta, bidezidorretatik galtzen zen batzuetan, metodoz antolatutako datuen faltaz.

Hinduek eginiko sanskritoaren deskribapenaren antzekorik izan balute Europako jakitunek ahizpa hizkuntzentzat, indoeuropar hizkuntzen (honela izendatzen dira egun) azterketa erkatuak askoz zehatz eta azkarrago egingo zukeen aurrera.

Aitzitik, tresneria kaskar eta guzti, eta hartan zebiltzan langileen gogo sutsuari eskerrak, indoeuropar hizkuntzen ikerkuntza historiko eta erkatua, XIX. mendeko europar zientziaren egitasmo nagusietako bat bilakatu zen, baita arrakastatsuenetakoa ere.